Zain gaude milaka pertsona. Badakigu laster iritsiko dela, badatorrela. Nabaritu
egiten dugu Bilboko kaleetan. Urduritasuna, mugimendua eta xurrunurruak. Duela
egun gutxi arte turistek eta Santiago bidea egiten dauden motxileroek hartutako
tokia berreskuratu dugu soinean arnesak, arropa erosoa eta denetariko tramankuluak
daramatzagun konpartserook. Andamio barrak behetik gora eta albo batetik
bestera, janari eta edari hornitzaileei azken orduko eskariak egiteko telefono
dei astoratuak, kolorez jantzita mezu desberdinak pintzeletatik mundura
zabaltzen dituzten panel erraldoiak, musika frogen eta barre algaren zarata…
Bilbotarrok Udalak lapurtu nahi digun espazioa berreskuratu eta gure beharrak
asetzekoa sortzen dugu txosna erraldoien bidez 9 egunetarako, Marijaiarekin,
Aste Nagusian, bakarra munduan.
Azcunaren udalak postaletarako Bilbo nahi du, eskaparate hutsa: etxetik
lanera, lanetik erosketetara eta erosketatik berriro etxera doazen hiritarrak,
hori da munduko alkaterik onenaren Bilbo. Munduko alkateentzat eredu den hiria,
Espainiako Erregea, Guardia Zibila eta Armada kaleetatik gustura mugituko diren
hiria. Iberdrola, BBVA eta Guggenheimeko enpresariek hiriko txokoak parez pare
irekita izango dituztena. Gaztelaniera, ingelesa, frantsesa eta bestelako
hizkuntzek Euskararen gainetik lehentasuna izango duen hiria.
Baina postalek ez dute egunerokoan inguratzen gaituen Bilboren gabezirik
islatzen: merkatu horretan lehiatzeko gai ez diren auzoetako denda txikien
itxiera, langabezia tasa ikaragarri altua, Euskarazko bizitzeko traba
etengabeak, gune ilunak, gazteontzako aisialdirako eskaintza kontrolatu eta mugatua,
kalean egon eta hauek aske erabiltzeko debekuak, eraikin hutsak, etxebizitzak
pribilegio bihurtzen dituen politika espekulatzailea… Hori dena ez da postaletan
agertzen. Turistek ere ez dute ikusten hemen igarotzen dituzten egunetan, errealitatea
izkutatzen diete. Baina guk bai. Guk ikusten dugu. Lanbide aurrean ilada
amaigabeetan orduak igarotzen ditugu, kaleak hutsik dauden bitartean aisialdirako
tabernak eta lokalak baino ez ditugu, kaleko saltzaile denak korrika batean
jasotzen eta ihes egiten ikusten ditugu, gure bizitza lanera edo ikasketetara
mugatu dadin nahi dute, gure gaztetxeak etengabean ixten dizkigute eta kale
ilun eta bakartietatik ibiltzean beldurra sentiarazi nahi digute!
Hiri eredu hori ez da gazteon Bilbo. Horregatik, beste hiri eredu baten
eraikuntzan lanean dihardugunok gara Kaskagorriko konpartserook. Harremantzeko,
ahaldundu eta aske izateko, aisialdiaz beste modu batez gozatzeko espazioak
sortuz, gaztetxeak okupatuz, kritikotasuna garatuko duen hezkuntza formal zein
informal baten eraikuntzan, etxe hutsei bizia eman eta alternatibak bilatzen,
gune ilunak argitzen eta koloreztatzen, erasoei aurre egiteko autodefentsaren
inguruko jakintzak zabaltzen, beste kontsumo eredu batzuk aztertzen eta
praktikan jartzen… Ehundaka gara beste Bilbo horren alde konprometitutako gazteok,
bakoitza bere esparruan eta ezinbestean elkarlanean.
Aste Nagusian, adibidez, beste Bilbo bat islatzeko unea dugu. Gazteok ere
leku garrantzitsu bat dugu momentu horretan, Kaskagorrin. Ez dugu Azcunaren
Bilbo eredua nahi. Hamaika tresna sortzen ari gara hau eraldatzeko eta guztiek
dute kabida Kaskagorrin. Aisialdi, jai eta bizi eredu alternatiboak ikasturteko
borroka ezberdinekin uztartzeko eremu bat da. Aste Nagusian dozenaka eragile, ehunka
gazte eta milaka herritar batzen gara bestelako Bilbo baten alde txosnen
inguruan. Udalak desagertarazi nahi duen jai ereduaren aurrean altxatzen den
herri harresi bat gara. Partaidetzan oinarritutako Aste Nagusia euskaldun eta
parekide baten defentsan zutitzen den hiri bat gara. Erasoei aurre egiteko
elkarrekin besoak altxa eta aurre egiteko prest dagoen mugimendua gara.
Eta horrela, Marijarekin batera, besoak altxatuz, urrats bat emango dugu
aurrera, eta beste bat, eta beste bat… Bilbo geurea delako, bertan ikasi, lan
eta bizi garen herritarrona eta ez
banku, enpresa, espekulatzaile, inposatzaile edota erasotzaileena. Gurea
da eta guk eraikiko dugu. Koloretsua da gure Bilbo, euskalduna, anitza, irekia,
alaia, parte hartzailea, feminista, solidarioa eta askea. Denon artean egiten
ari gara, batera. Elkarrekin ez dugulako beldurrik. Gaur arnesa, arropa erosoa
eta panel zein andamioak soinean hartuta, bihar puntala eta brotxarekin eta
etzi batek daki zerekin. ‘Dragoi Bola’ko lagunek dioten bezala, ekin
gazte bideari, elkarrekin ez da beldurrik!