500 urte igaro dira Gaztelako
Erreinuak Nafarroako Erresuma zaharra inbaditu zuenetik. 500 urte igaro dira gure
itsasoa odolez zikintzen, gure mendiak zementu bilakatzen, gure hizkuntza
isilarazten, gure ohiturak zigortzen, gure ikurrak debekatzen, gure lurraldea
zatitzen, euskal herritarroi sufrimendua eragiten hasi zirenetik.
Baina bost mende
luze hauetan ez dugu inoiz etsi, gure herriaren askapenerako borrokak ez du
etenik izan eta ez du izango.
Bilboko gazteok ere
gure herria askatzeko bidean gaude, bide honetan hainbat oztopo aurkitzen baditugu
ere. Azkunum eta bere munitropak, jauntxo dirudunen interesak babestu nahiean,
Bilboko kaleetatik kolorea, musika, bizitasuna, kultura, maitasuna, askatasuna…
ezabatu nahi dituzte.
Gainera, urte guzti
hauetan Gaztelako jauntxo basatiek ez diote gure lurretan muturra sartzeari
utzi eta hainbat eta hainbat euskal herritar gure lurretatik urrun bahituta
dituzte.
Duela 500 urte Gaztelak
Nafar Erreinua isilarazi eta gure lurrak menperatu nahi izan zituen moduan,
Azkunumek bilboko gazteak isilarazi eta gure espazioak inbaditu nahi ditu. Azken
bi urte hauetan, Kaskagorri desagerrarazi nahi izan du bere burugogortasun eta
inposaketaz txosna jartzea debekatuz. Baina ez du lortu gure ahotsa isilaraztea
eta gogo biziz alaitu eta bete ditugu Bilboko kaleak.
Gaztetxeen aurkako
erasoak ere Azkunumen politika zikinaren beste adibide garbi bat dira. Gazteok
sortutako espazio askeak, ametsez hornituak eta ilusioz eta borrokaz eraikiak,
azken urteotan desalojo basati eta zentzugabeak pairatu behar izan ditugu,
bortzaz.
Baina Bilboko
gazteok oso argi dugu zer eta nola nahi dugun; erresistentziatik garaipenera
igarotzeko borrokatuko gara eta 2012ko Aste Nagusi honetan inoiz baino
indartsuago gatoz euren gazteluak gaztetxe bilakatzera, gure espazioak
berreskuratzera, kaleak askatzera, gure ametsak egi bihurtzera.
500 arrazoi baino
gehiago ditugu matxinadarako! Bilboko gazteok Bilbo eta Euskal Herria askatzera
goaz! Erresistentziatik garaipenera goaz!
Bilbo koloretsu,
euskaldun eta aske baten alde borrokan izan ziren, garen eta izango diren gazte
gaizto guztien omenez, osasuna, maitasuna ta askatasuna!
Gora
Kaskagorri!