2011/08/13

ASTE NAGUSIRAKO PREST!

Aurten, berriro ere, Azkuna eta bere taldeak bere planarekin aurrera egin du. Jai herrikoiak zapuzteko asmoz, oztopoz beterik aurkitu dugu Aste Nagusirako bidea. Udaletxearen politikak jai pribatuak eta elitistak indartzea du helburu eta horregatik bere trikimailu guztiak erabiltzen ditu gu isilarazteko asmoz. Aurreko urtean bezala, Txori Barrote eta Kaskagorri konpartsok ezin izango dugu txosna jarri, baina inoiz baino indartsuago gatoz egoerari buelta emateko. Orain arte egin dugun bezala, jai herrikoien alde lanean jarraituko dugu eta ez gaituzte isilaraziko!

Horrela, duela hilabete hasi ginen Kukutza gaztetxean muntaiarekin, panelak zuritzen eta margozten, pankartak egiten, programazioa lotzen, etab. luze bat. Aste honetan Arriagako atzekaldean hasi gara lanean eta jaiak hasi arte bertan arituko gara.

Aipatzekoa da, urtero lez, udaletxeak Arriaga atzekaldeko gunera begira jarritako kamera. Beste behin ere, Bilboko gazteok kontrolpean edukitzeko paranoian jauzi dira, baina guk geuk esango diegu bertatik ikusiko dutena: gazteak lanean, bazkari herrikoiak, dantzak, muxuak, jai giroa, barreak, malkoak, besarkadak,… garenaz eta egiten dugunaz harro gaude!

Honekin bat gure programazioa helarazten dizuegu, gonbidatuta zaudete gurekin parte hartzera, udaletxeari “HEMEN GAUDE!!!” ozen oihukatzera.

Agur berezi bat gurekin ez dauden kaskakonpartseroei, oztopo, isun eta zigor guztien gainetik beti gurekin izango zarete! MAITE ZAITUZTEGU!!!